Erroko Demokrazia

Alternatibaren proposamen sozialista sakonki lotua zaio demokratikoa den gizarte bati, non herritargoak erabaki estrategikoak hartuz esku hartuko duen, baita oinarrizko politiken osaketan ere.

 Zoritxarrez, egungo mundu-sistema aipatutakoetatik oso urruti dauden irizpideetan oinarritzen da. Sistemak proposatzen digun eredua, nahiz eta hauxe bera ere ez duen askotan lortzen, hauteskunde demokraziarena da, non herritarrek euren izenean erabakiak hartuko dituzten alderdi eta pertsonak aukeratzen dituzten. Ordezkariak zeharka aukeratzeko gaitasun hau udalera, nazional edo estatu esparrura mugatu ohi da, gutxitan hedatzen da gero eta erabaki arlo zabalagoa duten nazio-gaindiko mailari; azken honetan estatuak eurak izaten dira ordezkarien hautesleak. Bestetik, ordezkatuek ez dute tresnarik aukeratu dituztenak kontrolatzeko, epe jakinetan soilik adieraz dezakete babesa edo arbuioa, eta ez pertsona edo erabaki bakoitzari baizik eta boterean den taldearen erabaki guztiak biltzen dituen kudeaketari. Kontuan hartu behar da, gainera, hautatze hauek informazio sakonean eta osotasunean lortzeko aukerarik ematen ez duen giroan egiten direla, informazioa mass media enpresa handiek merkantzia hutsa bihurtu baitute, eta hauek euren helburu zehatzei eta boterearekiko harremanei egiten diete men.

Beharrezkoa da, beraz, erabakiak hartzean herritarra benetako subjektu bihurtuko duen gizartera jotzea. Ildo honetan soilik har genezake geure burua sozialistatzat. Honela bada, geure ikuspegiak aurka egin behar die, egitarau politiko alternatiboa eskaini bai baina boterearen kudeaketa ordezkarien eskuetan soilik utzi nahi dutenei, ordezkatuen paper politiko bakarra bozka ematera mugatu nahi dutenei. Ez badugu helburu herritarra kudeaketatik ahalik eta gertuen egin dadin, ez gara gizarte alternatiboari buruz ari, alde hori baita berdintasun-eza eta bazterkerien iturria.

Ildo honetan, erroko demokrazia mahaiak bi funtsezko helburutan egin nahi du indar: batetik, tokian tokikotik hasita, demokrazia zuzen eta partehartzailerako estrategia proposatzea, sozialismoa gaur egunetik eraikitzen hasteko; bestetik, barne mailan egitura eta kultura politiko demokratiko eta berdinzalea garatuko dituzten osagaiak mahaigaineratzea. Beraz, Mahai honek erroko demokraziari dagozkion proposamenak garatzen ditu, bai erakundearen barrukoari bai kanpo lanari begira, bi planoak loturik baitaude.