AHTren Aurkako XVI. Akanpada Hernanin

Data eta ordua: 
Asteartea, 2011, Uztaila 26 (Egun osoan) - Igandea, 2011, Uztaila 31 (Egun osoan)

Uztailaren 26tik 31ra arte luzatuko da, tailer, hitzaldi, eztabaida, antzerki eta abarrek osatuta, aldarrikapena eta elkartrukea helburu duen akanpada.

Gaur aurkeztu dute AHTren Aurkako Asanbladako partaideek XVI. Akanpada. Adierazi dutenez, uztailaren 26a eta 31ra arteko tartean "elkarkarbizitza gune bat eraikiko da". Adin eta jatorri ezberdinetako jendeak "bizipen interesgarriak partekatzeko aukera" izango du Hernanin, antolatzaileen arabera.

Aurtengoan akanpada gunea Hernaniko Arriatsun izango da –sagardotegietarako bidean, 15 minutara– eta gainontzeko jarduerak –antzerkia, eztabaida, tailer, tertulia, mahainguru, liburu aurkezpen– herriko gune desberdinetan burutuko dira. Egitaraua eta bestelako informazioa asanbladaren webgunean dago zintzilikatuta.

Hernanin egitearen arrazoietako bat, AHTren eraikitze lanek bertako zenbait lur suntsituko lituzkeela da. Lur hauetatik pasako dira ostegun goizean Oindi mendira egingo den ibilaldian eta Hernaniko beste hainbat proiektuk kaltetuko lituzkeen lekuetara ere bisita egiteko asmoa dute. Igandean berriz, bizikletaz Urumeari jarraituta Donostiara joango dira.
Herria "hainbat azpiegiturek zigortua" dagoela salatu dute –paper fabrika, planta elektrokimikoa, Urumeako autobia, harrobia, etab.– eta halere, "progresoa ez da sekula asetzen".

Hainbat konturen artean galdera batzuk plazaratu dituzte igorritako oharrean: "Makroproiektu hauen atzean ze interes ekonomiko eta politiko daude?", "ze aldaketa sozial dakartzate proiektu hauek?" edota "zein momentu ari da zeharkatzen diskurtso antidesarrolista?".

Aldarrikapen hauekin bat egitera deitu dute jendea, Hernanira agertzeko gonbitea eginez, "Obrak Gelditu!! AHTrik ez!" lemapean.

Iturria: Gara