2012ko aurrekontu proiektua ezagutarazteko kanpaina “Kontuak garbi, Gipuzkoa berri baterantz" (Gipuzkoa)

Data eta ordua: 
Astelehena, 2011, Azaroa 7 - 19:00 - Ostirala, 2011, Azaroa 18 - 20:30

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2012ko aurrekontu proiektua gizarteari ezagutarazteko kanpaina martxan jarriko du “Kontuak garbi, Gipuzkoa berri baterantz” lelopean. Horretarako, Martin Garitano diputatu nagusia buru dela hainbat diputatu, zuzendari eta batzarkide Gipuzkoako eskualde guztietan egongo dira azaroaren 7tik 18ra, eta herritar guztiek bileretan parte hartzeko aukera izango dute.

Lau hilabete dira Foru Aldundian gobernu berria eratu zela, eta erakutsi du hauteskunde programan jarritakoa urratsez urrats betetzen joatea duela ardatz nagusi. Horren adierazle dira zerga erreforman emandako lehenengo urratsak edo 2012ko aurrekontu proposamena bera. Orain, ildo horretan Aldundia beste urrats bat ematera doa, eta gizarteari 2012ko aurrekontu proiektua ezagutarazteko prozesua abiatuko du.

Legegintzaldi honetan Aldundiak gipuzkoarrekin konpartitu nahi ditu aurrekontuak, haiekin eraiki, eta lehenengo urratsa informatzea eta inplikatzea izango da. Aurreko agintaldietan Gipuzkoako Foru Aldundiak arlo honetan urratsik eman ez duenez, dena dago lantzeke; parte hartzeko aurrekonturik egin ez denez, oinarri oinarritik hasi behar da prozesua. Batzar Nagusietan aurrekontuak aurkezteko epeak oso zorrotzak direnez, aurten prozesu horretan lehen urrats xume bezain garrantzitsua emango du, aurrekontuak elkarrekin eraikitzen hasteko. Lehen pauso hori aurrekontu proposamena gizartearekin konpartitzea izango da, proposamena ezagutarazteko eta haren nondik norakoak azaltzeko.

Kanpaina honekin Gipuzkoaren egoera zein den erakutsi nahi du Aldundiak. Izan ere, Aldundiak uste du gipuzkoarrek ez dutela egoeraren berri zehatza, oraingo agintariek erakunde honetara sartu arte izan ez zuten bezala. Horrez gain, jakina, Aldundiak bere helburu eta ildo nagusiak jakinaraziko ditu, jendeak ezagutu ditzan.

Hala, herritarrei aurrekontu proposamena ezagutarazteko hamar bilera izango dira azaroaren 7tik 18ra, eskualdez eskualde.

Foru Aldundiarentzat ezinbestekoa da herritarrek gaur egun erakunde honen egoera zein den ezagutzea eta, batez ere, egoera hori gainditzeko eta politika ezkertiarra bultzatzeko aurrekontuetan zein irizpide ezarri nahi dituen azaltzea. Aldundiaren ustez, orain arte erakunde hau Gipuzkoako herritarrengandik urrun egon da eta hurbiltzen hasteko garaia da. Gipuzkoarrek erakundearen nondik norakoak ezagutu behar dituzte eta, batez ere, erakundeak gipuzkoarren berri izan behar du, zuzen zuzenean.

Martxan jarriko dugun prozesu hori datozen urteetan parte hartzeko aurrekontuak egiteko ernamuina izango da. Hemen oinarriak jarriko dira datozen urteetan denon artean Gipuzkoarentzat aurrekontu egokienak eraiki ditzagun.


Bilera dinamika

Aurrekontu proposamena gizarteratzeko bilera sorta azaroaren 7an hasiko da eta azaroaren 18an bukatuko da. Bileren datak honakoak izango dira:

.- Azaroak 7, astelehena: ERRENTERIA (Reina aretoan)

.- Azaroak 8, asteartea: AZPEITIA (Sanagustin Kulturgunean)

.- Azaroak 9, asteazkena: TOLOSA (Topic-en)

.- Azaroak 10, osteguna: IRUN (Amaia Antzokian)

.- Azaroak 11, ostirala: BEASAIN (Igartza jauregian)

.- Azaroak 14, astelehena: EIBAR (Armeria eskolan)

.- Azaroak 15, asteartea: ZARAUTZ (Antoniano Ikastetxeko areto nagusian)

.- Azaroak 16, asteazkena: ARRASATE (Kulturaten)

.- Azaroak 17, osteguna: DONOSTIA (Koldo Mitxelenan)

.- Azaroak 18, ostirala: HERNANI (Sandiusterrin)

Bilera horietan guztietan Martin Garitano diputatu nagusia izango da, Aldundiarentzat funtsezkoa baita Gipuzkoako ordezkari nagusiak herritarrekin harreman zuzena izatea. Garitanoz gain, beste foru diputatu batek edo bik, zuzendari batzuek eta eskualdeetako Bilduko batzarkideek parte hartuko dute. Diputatuak eta zuzendariak aukeratzerako orduan eskualde bakoitzean gai zehatzek duten eragina eta gertutasuna, alegia eskualdearen ezagutza, hartu da kontuan. Gainerako alderdietako batzarkideei eta eskualde bakoitzeko alkate eta zinegotziei bileretara joateko gonbitea helarazi die Foru Aldundiak. Ikus daitekeenez, beraz, parte-hartzaileen profilak ere argi adierazten du Aldundiarentzat prozesua garrantzitsua dela.

Horregatik, herritarrei eta eragileei bileretan parte hartzeko deia egiten die Aldundiak, oso garrantzitsutzat baitu herritarrekin harreman zuzena izatea, inolako iragazkirik gabe, zuzen zuzena.

Honekin, beraz, erakundeak gizartearengana hurbiltzeko eta irekitzeko beste urrats bat emango du Aldundiak, baina izan ziur ez dela azkena izango.